(2016/02/26) Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria lantzen ari da Orioko Udala, eta plan hori osatzeko erabakiak hartu ahal izateko, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Elhuyar Aholkularitzaren, Projekta Urbes arkitektura enpresaren, eta UEMAren laguntzarekin. Gipuzkoan, horrelako ikerketa bat egiten duen lehen udalerria da Orio, eta hirigintzako erabakiak hartzeko zenbait planek euskaran izan dezaketen eragina neurtzea izan da helburua. Horretarako, Mutiozabal, Palota, Dike, Pilotalekua eta Aizperro eremuak aztertu zituzten joan den abenduan eta hilabete honetan aurkeztu zitzaion txostena Orioko Udaleko Hirigintza Batzordeari.
Azterketa hau egitearen erabakia hartzearen arrazoia garbia izan zen: azken Plan Orokorraren ondorioz, etxebizitza ugari egin da herrian denbora epe laburrean, eta jende berri asko etorri da Oriora. Horrek herriko euskaldunen portzentajea jaistea eragin du (2001ean %86a zen euskalduna eta gaur egun %82,5a), eta ondorioz, euskararen kaleko eta etxeko erabilera ere apaldu egin da. Orioko Udalak argi dauka herriaren izaera euskaldunari eutsi nahi diola, eta datu horrekin kezkatuta, ELEa egitea erabaki zuten.