Garazi Goia
50 views | +0 today
Follow
Your new post is loading...
Your new post is loading...
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

Argia.com

Argia.com | Garazi Goia | Scoop.it
Garazi Goia's insight:

Zer du BBCk izen eta aipu eta sona handi hori?

Urte askoan lanean irabazitako konfiantza, inpartzialtasuna, kultur erreferente izatea nazioartean… Gauza asko. Jendeak urtean 144 liberako kanona ordaintzen du eta, ordainetan, zerbait espero du, zerbait ona. Kalitatezko edukiak, esan nahi dut. Hasieran neu ere harritu egin nintzen, ez nuen ulertzen jendeak BBCn zuen konfiantza. Inork ez zuen kanon hori ordaintzea kuestionatzen. Inork ez. Aldiz, gogoratzen naiz Espainian egin zutela kanona ezartzeko saiakera, eta ez zuela aurrera egin. BBC, berriz, identitatearen parte bat da, jendeak konfiantza dio hedabideari, benetan.

Zer zenuen BBC, bertan lanean hasi aurretik?

Hedabideen artean, mundu mailako erreferentzia: telebistarik handienetako bat. Bertako proiektu interesgarriek erakarri ninduten, haren handitasunak, garrantziak, ikusle kopuruak… Bertan lanean hasi nintzenetik, berriz, bertako jendeak bete nau gehien, talentu handikoa. Kezkarik gabe diote: “Gu ez gaude hemen diruagatik, pasioagatik baizik!”. Eta egia da, BBCko langile batek telebista kate pribatuan lan bera egiten duen batek baino gutxiago irabazten du-eta. Jende ona ari da BBCn lanean eta, batzuk ezagutzen ditut, bertan lan egin nahi izan dute txikitatik! Gauza interesgarri asko BBCk. Bestalde, aitzindari da arlo askotan, aurrera begira bizi da beti, proiektu berrietan lanean. Horrek indar handia ematen dit. Bat egiten dut audientziara iristeko dituen balioekin, bertako langile jendearekin, eta Ingalaterrako gizartean ordezkatzen duenarekin.

Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin zenituen EHUn, gestio lanean ari zara BBCn. Harrigarri ere bada, hein batean…

Beti esan behar izaten dut: ingeniaritza ikasketak egin nituen, bai, baina inoiz ez dut ingeniari lanik egin. Ingeniaritza tesia bukatu eta hiruzpalau hilabeteko epea nuen hura aurkeztu aurretik. Bitarte horretan, Londresera joan nintzen, lagun bat bisitan. Beti erakarri izan nau bidaiatzeak, atzerrian denboraldia egiteak, eta, orduko hartan, Londresen nengoela, neure buruari esan nion: “Hemen lana bilatzen saiatuko naiz”. Postprodukzio etxe batean hasi nintzen lanean. HBO, Warner eta abarren filiala zen Londresen, eta euren produktuen DVD eskubideak zituzten Europan eta Ekialde Hurbilean. Proiektuen kudeaketan hasi nintzen bertan, DVDen hedapenean, negozioaren garapenean esango genuke. Hiru urte eman nituen han. Handik Bilbora itzuli nintzen, teknologia berrietako aholkularitza etxe batean, telebista interaktiboari lotutako produktu baten salmentan. Espainiako telebista askorekin jarri nintzen harremanetan garai hartan. Arlo komertzialean ari nintzen lanean orduan ere, ez ingeniari. Hala ere, Londresen nahi nuen nik, hemen profesionalki mugatuago ikusten nuen nire burua, eta, horrela, BBCren hautatze prozesu batean eman nuen izena, eta aukeratu egin ninduten: “Ez dago zalantzarik. Banoa!”. Eta holaxe.

Linkedinen irakurri dugu: Garazi Goia, BBCren Komertzio Kudeaketarako burua.

Lan ezberdinak egin ditut horra heldu aurretik. Kanalen banaketa arloan hasi nintzen, BBCren zortzi telebista kateak eta hamahiru irratiak Ingalaterrako etxe guztietara iritsi ahal izateko gestio lanean: erreguladoreekin egin behar diren akordioak, gobernuarekiko hitzarmenak, edukien garapen estrategia… Proiektu txikiak gestionatzen hasi, eta, poliki-poliki, estrategia lanetan hasi nintzen. Behetik gora egin dut eta oraintxe ekipoa zuzentzen dut, merkataritza-kudeaketa helburu. Batean, BBCren kanal berri bat sortzeko estrategia landuko dugu; bestean, internet bidezko telebistaren geroa aztertuko dugu… Nik, proposamen finantzari eta estrategikoak kudeatzen ditut, eta zuzendaritzari aurkezten dizkiot: kostua, audientzian izango duen eragina, merkatu berean ari diren lehiakideen lanarekiko inpaktua, teknologia berriei dagokienez zein posiziotan dagoen, beste zenbait telebistarekin koalizioa egin ez egin… Aurrera begirako lana beti.

Etorkizuna igartzea ez da, bada, lan erraza izango.

Oso zaila! BBCn ikerketa sail handia dago, I+D bat, erreferentea munduan. Arlo teknikoan zer egin daitekeen ikertzen dute; guk, haien aurrerapen teknikoak arlo estrategikora ekartzen ditugu. BBCk audientziari gero eta eduki eta produktu hobeak emateko erantzukizuna du, ezin da gelditu momentuan duenarekin. Kanonak hiru bilioi libera ematen dizkio BBCri, eta zati handi bat eduki berriak sortzen edo erosten gastatzen da, baina badago beste zati inportante bat eduki horiek jendeari helarazteko estrategiak diseinatzen gastatzen dena. Estrategiak, esan nahi dut, edukiak betiko telebistan ez baina tabletetan, telefono mugikorretan eta gainerako modu berriago hauen bidez ere kontsumitzaileari helarazteko.

Inor aurretik ibili gabeko lurretan ibiltzea da hori.

Zaila, eta aldi berean interesgarria. Pribilegiatua sentitzen naiz horrelako hausnarketak egiten dituen talde bateko parte naizelako. Europan ibiltzen naiz, han eta hemen, Bruselan, Europar Batzordean eta Ginebran, irrati zabaltzaile guztiak biltzen dituen erakundean, eta han garbi ikusten da herrialde bakoitzak bere maila duela, bere abiadura. Espainia atzera dago, esaterako, eta Euskal Herriak, berriz, ez du han presentziarik Europako foro horietan, tamalez. Ingalaterra, aldiz, aurreko muturrean da, BBCk bultzatuta. Beti izan da erreferente. Hor dira Alemania eta Frantzia ere, ondo kokatuta.

Espainia atzera dago, Euskal Herriak ordezkaritzarik ere ez.

Hedabide bakoitzak diru ekarpena egin behar dio erakundeari eta, beraz, ikusi egin behar EiTBri horrelakorik komeni zaion. Tira, bertan egon eta entzutea bera ez dago gaizki, baina ez dakit hori ote den lehentasuna… Ni, dena den, EiTBko jendearekin harremanetan nago, maila pertsonalean eta profesionalean, zuzendaritzan daudenekin eta ez daudenekin, zenbait saiakera egiteko gogoa dutenekin.

Nola ikusten duzu EiTB?

Telebista aurrera ateratzekotan, apustuak egin behar dituzu, eta dirurik ez baduzu, ezin apusturik egin. Dagoenari eustea besterik ez dago. Dirurik ez bada, aurrera begirako proiektuak lantzeko muga handiak dituzu. Proiektu interesgarriak badaude, hala ere. EiTB nahieran, adibidez, oso gertutik jarraitu dut, interesgarria da guztiz. Esan zidatenez, bestalde, ikus-entzunezkoen arloa nahiko apal dabil, eta jende askok motibaziorik ez du. Soldatak jaitsi, lan segurtasunik ez… Valentziako telebistaren itxiera… Ez da arriskuak hartzeko giro onena.

BBCk ez du horrelako kezkarik, hiru bilioiko diru sarrera duelarik kanonaren bidez.

BBCk irabazi egin du bere indarra. Kanona, esaterako, izoztuta dago joan den bost urtean, baina, hala ere, diru kopuru berarekin ere, gauza gehiago egiten ari da. Horixe da erronka, erantzuten segitzea, jendeak hedabidean konfiantza ez galtzea, eta aurrera begiratzea, proiektu eta asmo berrien bitartez. Kanona igotzea oso zaila izango da. 2017an egingo da berriz BBCren eta gobernuaren arteko negoziazioa, eta kanona igo, mantendu edo jaitsi egingo da, eta horrek ere erakutsiko du nolakoa izango den etorkizuna.
BBCren erreferentzialtasuna aipatu duzularik, uste nuen Amerikako Estatu Batuak ere hor zirela…
Uste duzu? Bai, NBC, CBS eta beste hainbat telebistek indar handia dute. Baita, telebistaren munduan edo edukien munduan beste perspektiba bat emanez indar handiz sartzen ari diren bestelako enpresa batzuk ere, Netflix, Samsung edo Amazon adibidez.

Hollywoodeko produktu zaparrada hori dut, beharbada, gogoan. Industriaren presentzia handi hori, film eta telesail, haurrentzako saio mordoa…

Horretan zuzen egon zintezke, film eta telesailei dagokienean, alegia. British telesailak Amerikakoak ez bezalakoak dira, bestelako umorea dutela esan ohi da, eta hala da, gainera. Amerikatik beste eskala batean datozkigu gauzak, askoz eduki gehiago, diru gehiago mugitzen da. Baina, hala ere, BBC presente dago Europan eta munduan. Dokumental sail oso indartsua du, esate baterako. Saio didaktikoak ere mordoxka, lehiaketa modukoak eta, batik bat, albistegiak. Nazioartean errekonozimendua dute.

EiTBko zenbait arduradunekin egokitzen zarela, zer esaten diezu? Gomendiorik baduzu?

Ez da erraza. Esaterako, baliteke EiTBrentzat BBC ez izatea erreferentzia, edo behintzat EiTBren eskalara egokitzen jakitea izango litzateke garrantzitsua. BBCren testuingurua, atzetik duen bultzada, egitura… ez badituzu, alferrik dira konparazioak. Beharbada, merezi du ulertzea Ingalaterran zein izan diren arrakastaren parametroak, merezi du pentsatzea ea hango faktoreek honako ere balio duten, zein diren Euskal Herrian funtzionatuko luketenak. Maila horretan hitz egiten dugu. Teknologia berriez ari garenean, adibidez, nora doazen egiten dugu gogoeta, horiek telebistan nola islatzen diren aritzen gara… Ingalaterran garbi ikusten da, prozesu honen bukaeran telebista izango dela gauza bat nork bere neurrira egingo duena. “Telebistak botatzen didana ikusiko dut” ez da izango. Norberak nahi duena ikusiko du, nahi duen lekuan, nahi duen garaian, nahi duen dispositiboan. Hortik urruti gabiltza oraindik, baina hortik dator etorkizuna. BBCk apustu handia egin du horretan. Balio handiko edukiak dituenez, produktuak artxibategian gordeta eduki ordez, ikuslearen eskura jarri behar dira, telebista pertsonalizatu. EiTBk ez dauka BBCk duen gaitasunik, baina haren jarduna hona nola egokitu pentsa lezake, aurrekontuaren mugak eta alde handiak kontuan izanda.

Zertan dira ingelesez besteko telebistak Erresuma Batuan? Galesez, gaelikoz…

Gaelikoak badu kate bat, BBC Alba izenekoa, 2008an sortu zena. Gaelikoz besterik ez du emititzen. Jakina, hura martxan jartzeko atzean arrazoi politikoak egon ziren, baina hala ere, BBCk badu Erresuma Batuko kultura ezberdinak zaintzeko erantzukizuna. Noski, 70.000 laguneko komunitateak audientzia txikia esan nahi du. Interesgarria gertatu zitzaidan proiektua bertatik bertara ikustea, jarraitzea, eta Eskozian jendeak proiektu hartan jarrita zuen ilusioa. Hemengo jendeak asko ikasi beharko luke handik. Musika aldetik, adibidez, oso eskaleta interesgarria daukate. Marrazki bizidunak ere asko emititzen dituzte, haurrei begira, jakina. Bestalde, Galesen bada S4C, gaelikozko telebista, eta askoz ere gaeliko hiztun gehiago dira Eskozian baino. Jarraitzen du oraindik. Hala ere, 2009an definizio handiko gaelikozko telebista hasi zen emititzen. Clirlun zuen izena, “argitasuna” esan nahi du. Inbertsio handia zen, audientzia mugatua zuen, eta handik bi urtera itxi egin behar izan zuten, murrizketak tarteko.

ETBren bi kateak behar al dira, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa? Hor dira beti hirugarrena eta Etbsat.

Finean telebista herri bateko kultura, hizkuntza edo komunikazioa bultzatzeko tresna baliagarria da. Horregatik, euskarazkoa zalantzarik gabe behar da. Ikusi egin beharko litzateke, apustu fuerte bat egin euskarazko katearen alde eta emaitzak ikusi, audientzia eta beste. Baina ETB2 ixtea, esate baterako, ez zait erreala iruditzen, hemen badagoelako edukiak gaztelaniaz kontsumitzen dituen jendea. Oreka bat lortzean sinesten dut beti; nola bultzatu euskara eta kultura, nola aldatu jendearen ohiturak, nola egin apustuak bi kateetan kalitate eta pisu berdineko edukiak egiteko. Orain erdarazkoaren alde dago balantza, eta hori pena da.

Utzi ditzagun honenbestez BBC eta EiTB. Idazle zaitugu. Azken liburuak Txartel bat (des)herrira du izenburu, irakurle batek baino gehiagok dakienez. Esadazu, nolakoa den Londresen bizi zaren horren deserria.

Nire deserria neuk aukeratua da eta, hain zuzen, Euskal Herritik aldentzeak bertara gerturatu nau. Beste perspektiba bat eman dit, orain hobeto ulertzen dut nire herria. Iruditzen zait hemen baditugula iraganeko mamu batzuk, eta horiekin borrokan gabiltzala etengabe aurrera pausorik eman gabe. Horiek atzean uztea beharrezkoa da aurrera egiteko, baina mamu horiekin borroka hori irabazteko betiko erregelek eta erretorikek ez dute balio. Uste dut arau edo erregela berriak definitzeko beharrezkoa dela beste batzuei entzutea, beste begirada batzuk hartzea edo distantzia bat jartzea. Kanpora irteteak horretan laguntzen du. Niri, behintzat, asko lagundu dit. Horregatik esaten dut gerturatu egin nauela. Literaturak eta idazle lanek, berriz, are eta gehiago laguntzen didate distantzia hori mozten, laburrago egiten.

Nortasun agiria

Garazi Goia (Segura, 1978) Telekomunikazio ingeniaritza ikasketak egin zituen Bilboko EHUn. Hala ere, inoiz ez du ingeniari lanik egin. Kudeaketa lanean ari da BBCn, Londresen, joan deneko zazpi urtean, etorkizuneko estrategiak pentsatzen. Irakurle amorratua da eta txanponaren beste aldea ere gaztetatik bizi du: idazle da. Bi hitz eta Txartel bat (des)herrira ditu orain arte argitaratuko lanak, eta ipuina du Orgasmus lan kolektiboan ere. “Jaioko dira berriak” kantatu zuenak bazekien zer edo zer. Berri horietakoa da Garazi Goia.

Off the record

Burmuinen ihesa

Ez dugu jakiten zertaz ari diren “burmuinen ihesa” diotenean, zer nolako jendea dugun etxean, harik eta herritik kanpora bide ederra egiten hasten diren arte. Horietako batekin gertatzen garenean hasten gara entenditzen zer esan nahi duen “burmuinen ihesa” terminoak. Garazi Goia bat gurean ez edukitzeak eskasago egiten gaituela, ahulago, hauskorrago. Geure izaera indibidual eta kolektiboa indartzeko aukerak modurik zozoenean ihes egiten digula. Joaten uzten diogula.

Idazle

“Txikitatik izan dut literaturarekiko zaletasuna. Irakurle sutsua izan naiz, etxean ere liburu asko izan dira beti. Hortik datorkit interesa. Gazterik hasi nintzen idazten eta lehiaketetan parte hartzen. Urruzuno saria irabazi nuen 1996an, eta, aurretik, bailara mailako lehiaketaren bat. Irakurtzeko zaletasunak bultzatuta hasi nintzen idazten. Horrela etorri zen nire lehenengo lana, Bi hitz, 2008an, Londresen ari nintzela lanean”.

(Des)herrira

"Txartel bat (des)herrira guztiz ariketa ezberdina izan da. Askoz landuagoa da, ni ere askoz kontzienteagoa nintzen zertan ari nintzen. Bestelako ariketa izan da, atzetik bilaketa lan handia egin nuelako, gerrako haurrei buruzko alde historikoa behar den bezala erakusteko. Gerrako haurren gaia beti iruditu zait interesgarria. Seguran, behin, Ingalaterrara joandako haur haietako baten semea ezagutu nuen aitaren bidez. Londresera berriz, ea han zer edo zer aurkitzen nuen joan nintzen

Bi hitz

“Idatzi egiten nuen, argitaratzea pentsatu gabe. Halako batean, nire idatziak forma hartzen ari zirela sentitu nuen. Orduantxe pentsatu nuen, akaso, egiten ari nintzen lanak liburu itxura har zezakeela bukaeran. Helburu finkorik gabe aritu nintzen idazten, askatasun osoz idatzi nuen, eta askatasun horren fruitu izan zen Bi hitz”.

more...
No comment yet.
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

Hitzen uberan | Garazi Goia, "Txartel bat (des)herrira"

 

Garazi Goiak bere bigarren nobela aurkeztu berri du: Txartel bat (des)herrira (Elkar). Ihesi dabiltzanen istorioa da hau. Ibai ihesi doa, bere erabakiz. Peru, besteen erabakiz. Deserrian gurutzatzen dira biak, ezustean, aldatu nahi luketen iragan bat eta baldintzazko galderak bizi dituzten bitartean: zer gertatuko zen hegazkin haiek herria suntsitu ez balute? Zer gertatuko zen kotxea hartu ez banu? Bideo honetan, pertsonaiez mintzo da Garazi Goia.

 

Garazi Goiak bere bigarren nobela aurkeztu berri du: Txartel bat (des)herrira (Elkar). Ihesi dabiltzanen istorioa da hau. Ibai ihesi doa, bere erabakiz. Peru, besteen erabakiz. Deserrian gurutzatzen dira biak, ezustean, aldatu nahi luketen iragan bat eta baldintzazko galderak bizi dituzten bitartean: zer gertatuko zen hegazkin haiek herria suntsitu ez balute? Zer gertatuko zen kotxea hartu ez banu?

more...
No comment yet.
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

Garazi Goia: mugarik gabeko idazlea | Goierriko Hitza

Garazi Goia: mugarik gabeko idazlea | Goierriko Hitza | Garazi Goia | Scoop.it

Garazi Goia idazlea ez da muga zalea. Seguran jaio zen, baina urte asko daramatza Londresen. Ingeniaritza ikasi zuen, baina letrak ere gustukoak ditu. BBC irrati eta telebista katearentzat lan egiten du eta idaztea gustuko du. Txartel bat (des)herrira liburua idatzi du.

Goiak Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen Bilbon eta, ondoren, Donostiako Ikusi enpresan lan egin zuen. Tesia aurkeztu aurretik, Ingalaterrara joatea erabaki zuen. «Denbora gutxirako joan nintzen, baina hiru urte gelditu nintzen: hiria asko gustatu zitzaidan. Telebista munduko enpresa txiki batean lan egin nuen, baina ez arlo teknikoan».

Izan ere, Ingeniaritza ikasi zuen arren, sekula ez du esparru teknikoan lan egin. «Negozio garapenean aritu naiz beti, eremu komertzial eta finantzarioan».

Londresetik bueltan, Bilbon bi urte eman zituen. Baina BBCn lan egiteko aukera suertatu zitzaion eta Ingalaterrara itzuli zen. Gauzak probatzea baino gehiago, gustuko gauzak egitea atsegin duela dio. «Oraingoz, asmatu dudala uste dut».

BBCn sei urte daramatza dagoeneko. «Estrategia eta distribuzio sailean lan egiten dut. Nire eginbeharretako bat etorkizuneko telebistaren estrategia zehaztea da. Gainontzeko telebista kateekin ditugun kontratu komertzialez ere arduratzen naiz».

Ardura handiko lana da eta, «oreka» lortzeko, idatzi egiten du. «Literatura zaletasuna betidanik izan dut. Beti asko irakurri dut eta oso gaztetan hasi nintzen idazten. Lehen liburua atera nuenetik bost urte pasatu dira dagoeneko. Nire karrera profesionalak asebetetzen nau, baina literaturak oreka ematen dit».

Atzerrian bizi da eta bere herriarekiko eta kulturarekiko erantzukizuna sentitzen du: literaturak Euskal Herriaren alde lan egiteko aukera ematen dio.

Deserrian bizi diren bi lagunei buruzkoa, hain zuzen ere, bere azken liburua. Protagonistek (Peruk eta Ibaik), berak ez bezala, ihes egin dute. «Deserrotzea, memoria historikoa, identitatearen gatazka, nostalgia, bakardadea… landu ditut».

Peruk 1938an ihes egin zuen Euskal Herritik, bere gurasoen erabakiz. «Gernikako bonbardaketaren ostean 4.000 haur ebakuatu zituzten Ingalaterrara. 250 han gelditu ziren, Euskal Herrian ez baitzuten jasoko zituen inor. Ahaztu egin zituzten. Peru ez da sekula Euskal Herrira itzuli eta inork erantzungo ez dituen hainbat galdera ditu».

Ibai, berriz, 30 urteko mutila da. Iraganeko gertakari batek ihes egitera bultzatu du eta Londresen Peru ezagutuko du. Biek erantzunik gabeko galderak dituzte eta horrek euren arteko konplizitatea piztuko du.

Ingeniaria izatea eta nobelak idaztea bateragarriak badira, baita herri txiki batean jaiotzea eta hiri handi batean bizitzea ere. «Londres hasieratik asko gustatu zitzaidan. Oso ondo hartu ninduten eta jende oso jatorra ezagutu dut». Ez du herriminik. «Egun distantziak garai batean baino txikiagoak dira. Askotan itzultzen naiz Segurara».

Eta maletan, oraingoan bezala, Ingalaterran idatzitako kontakizunak ekartzen ditu. Izan ere, Londresen jaio zen Txartel bat (des)herrira. «Hiru bat urte eman ditut liburua idazten eta hamar bat gerrako haur asko ezagutu ditut. Euren seme-alabek erakunde bat sortu zuten: helburua euren historia jasotzea da, Frankoren garaian ezkutatu egin baitzen».

Seguratik Londresera joandako gazte bati esker, Euskal Herritik Ingalaterrara bidalitako haurren historia apur bat ezagunagoa da jada. «Londres nire bizitzan oso garrantzitsua da eta nire herriko historiarekin lotzea oso betegarria izan da».

more...
No comment yet.
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

Txartel Bat (des) Herrira. Garazi Goia Imaz. Elkar.com

Txartel Bat (des) Herrira. Garazi Goia Imaz. Elkar.com | Garazi Goia | Scoop.it

Txartel bat (des)herrira, Garazi Goia Imaz: Ihesi dabiltzanen istorioa da hau. Ibai ihesi doa, bere erabakiz. Peru, besteen erabakiz. Deserrian gurutzatzen dira biak, ezustean, aldatu nahi luketen iragan bat eta baldintzazko galderak bizi dituzten bitartean: zer gertatuko zen hegazkin haiek herria suntsitu ez balute? Zer gertatuko zen kotxea hartu ez banu?
Maitasun istorio bat, paperezko hegazkinetan bidalitako hitzak, bizitzako erabakiak, 1937ko gerrako bonba hotsak, erruarekin pozoitutako oroitzapenak, haurren negarrak, inoiz kontatu gabeko sekretuak, berridatzi ezin diren iraganeko kapituluak… Horiek guztiek osatzen dituzte istorio honetako protagonisten bizitzak, orain, herrira itzultzea beren esku dagoela badakitenean.
Ihesa, deserrotzea eta bertakotzea moduko gaiak lantzen ditu Garazi Goiak, prosa eder eta iradokitzailez idatzitako bere bigarren nobela honetan.

more...
No comment yet.
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

kritiken hemeroteka » Nongo

Bi hitz nobela 2008an argitaratu eta bost urtera iritsi zaigu Londresen bizi den idazle segurarraren bigarren eleberria. Badirudi bizilekuak erakarri diola, neurri batean, bai kontakizunaren kokapena eta baita gaia ere, Ingalaterrara bidali zituzten gerrako umeen gaia jorratzera abenturatu baita. Ez da, alabaina, gerrako umeei buruzko eleberri oportunista, ez zait iruditzen. Bi norabidetan barreiatzen den tramak beste tema ugari inguratu nahi izan ditu. Horien artean, erruak eta memoriak hartzen dute leku berezia. Bi istorioek deserriratze bi jarraitzen dituzte, motibazio diferenteetatik sortuak eta garai historiko ezberdinetan jazoak. Lehenak Ibairi segitzen dio, Londresera borondatez ihesi joan den gazteari. Erruduntasunean bere burua torturatuz eta bakartuz ematen du denbora, kafetegi batean lan egiten duen aldi berean. Tormentua iragana ezin aldatua da, edo, nahi bada, iragana bera ezin desagerrarazia. Euskal Herrian kokatutako ospitale eszena du jarraika, zeinetan bere bikote Maialen ohean datzan. Informazio dosi neurtuaz, irakurleari ezkutuan gordetzen zaio Ibairen erruaren zergatia.

Bigarren bidea Londreseko kafetegian Ibaik gurutzatzen duen agureak irekitzen du, nire iritziz interesgarriena. 1937an Habana itsasontzian Santurtziko portutik ustez hiru hilabeterako atzerriratu zituzten ia 4.000 umeen arteko bat da agurea, ezin itzuli izan zirenetako bat. Egoera erakargarria da: belaunaldi ezberdineko euskaldun bi deserrian, iraganaren ideiari lotuak. Enkontrua katalizatzailea da. Alde batetik, datu historikoei helduz baina literaturaren bitartez, bost urteko umearen oroitzapenekin Santurtziko portuko agurra eta orduko giroa eszenaratzen dira. Baita itsasoko bidaia eta Southamptonera iristea, Ingalaterran erbesteratutako umeen egunerokotasuna deskribatzeko. Literaturak kronikak baino hobe ahalbidetzen du haurrak utzi behar izan zituen senideen haragitan sartzea, herrian bizirik den anaia arrotza irudikatzea eta, batez ere, haurraren beldurrak ezagutzea. Norbere historia kontatzeko beharra azpimarratzen da, honela. Nahiz nortasunak eta nongotasunak zalantzan jarraitu. Zer da itzultzea? Zer aberria? Belaunaldi bi elkarren ondoan jartzean egileak bakoitzaren iragana eta memoria erakutsi dizkigu, baina, nire iritziz, elkartze honi zuku gehiago atera ahal zitzaion. Londreseko orainaldian, kafetegiko topaketetan, pertsonaiak iraganaren galbahe bihurtzen dira, orainean apenas interbenitu gabe.

Ahots asko daude liburuan, lehenengo pertsonan narratzen duten asko, erreleboa elkarri pasaz. Forma aldetik ere ez dira gutxi baliabideak: joaneko gutunak eta bueltan etorriak, izan orainekoak zein iraganekoak, egunerokoak ere bai, tartean. Horrek guztiorrek nahasgarri egin dit inoizka narratzen ari den niaren identifikazio berehalakoa. Perspektiba aniztunak onerako dira, baina eleberria aurrera samartu arte ez direnez ahots bereizgarrien jabe egiten, uste dut ni bakoitzak garatu ahal izateko espazio eta tempo gehiago eskatzen dituela. Bigarren narrazioak adina aurrenekoak ez katigatu izanaren penaz geratzen naiz. Baita bi istorioen elkarreragintasun urrian, akaso, hala sor baitzitekeen pertsonaien garapen zabalagoa. Nolanahi dela, noragabe aurkitu ditudan pertsonaiak noragabe despeditzen ditudala sentitzeak deserriaren ideia azpimarratu dit, eta atsegin izan dut.

more...
No comment yet.
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

Garazi Goia - Wikipedia, entziklopedia askea.

Garazi Goia - Wikipedia, entziklopedia askea.

Garazi Goia ( Segura, Gipuzkoa, 1978-) euskal idazlea da. Telekomunikazio ikasketak Bilbon egin ondoren, BBCn lan egiten du eta Londresen bizi da.

more...
No comment yet.
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

Elkar Argitaletxea

Elkar Argitaletxea | Garazi Goia | Scoop.it

Garazi Goia:
"Nire pertsonaiek, erantzun ezin dituzten galderekin eraiki behar dute etorkizuna"

Orain dela bost urte kaleratu zen zure lehenengo nobela, orain arteko bakarra: Bi hitz. Zertan da hau haren jarraipen, zertan desberdin?

Ez dauka jarraipenetik ezer eta oso ezberdina dela esango nuke. Hala ere, muturreko egoeren sinbolismo bat badago orain ere, eta pertsonen sentimendu sakonak erakutsi nahi izan ditut: mina, damua, ezintasuna, maitasuna, zalantza egoerak. Bizitzako muga horiek interesatzen zaizkit, eguneroko errutina arruntetik haratago daudenak.
Bestalde, nobela batek, batez ere idazten ari zarenean, lotura psikologiko sendoa sortzen du; denbora luzean zehar sortutako lana da, eta zuk sortu dituzun pertsonaiak zure bizitzako parte bihurtzen dira modu berezi batean. Aurrera egiteko eta beste zerbait berria idazten hasteko, ezinbestekoa da niretzat kapitulua ixtea. Bi Hitz-en kapitulua itxi nuen eta zerbait ezberdina egin nahi nuen oraingoan.

 

Puzzle gisako idazketa erabili duzu hemen ere, pixkanaka josiz joango diren piezaz osatua.

Bai, aurreko nobelan bezala estilo zatikatua erabili dut, teknika literarioa ere antzekoa da, idazmolde asko nahastuz (prosa, tartekako poesia, pasarte onirikoak, metaforak, eskutitzak, etab). Askotan ez dut trama edo mezuak garbiegi azaltzeko beharrik sentitzen. Irakurleari beraien interpretaziorako bidea ematea interesgarriagoa iruditzen zait. Ez dagoela beti erantzun bakarra edo amaierara iristeko bide bakarra adierazi ahal izatea, adibidez. Sentimendu sakon eta mingarriez ari naiz askotan, eta horiek zeharkako estilo batean azaltzea errazago egiten zait.
Ez dut uste balioko nukeenik abenturazko istorioak kontatzeko, hasiera, trama eta amaiera moduko egitura finkoarekin!

 

Pieza horietako bat Peru da, gerrako umea. Nondik datorkizu gai honekiko zaletasuna?

Memoria historikoaren gaia beti interesatu izan zait. Duela bost urte inguru jakin nuen Ingalaterrako “Basque Children of 37” erakundearen berri. Habana itsasontzian Ingalaterrara joan zen haur baten semeak eta haurren zaintzan ibili zen emakume baten alabak sortutako ongintzazko erakundea da. 1937an etorri eta oraindik Ingalaterran jarraitzen zuten “haurrak” berriro elkartzea zen helburuetako bat, dokumentazioa bildu eta aztarna historikoa bizirik mantentzearekin batera. Izugarria da bizi behar izan zutena. Francoren garaiko errepresio eta lotsa politikoaren itzalean gelditu ziren “haur ahaztuen” istorioa da. Erakundearekin harremanetan jarri nintzen eta hor hasi zitzaidan gaia interesatzen.

Kirmen Uriberen Mussche liburua irakurri nuenean posta elektroniko trukaketa bat izan nuen berarekin. Berak ere gerrako haurren historia du kontagai, bestelako ikuspegi batetik. Bere liburuan aipatzen zuen zerbaitek atentzioa eman zidan eta hori esanez idatzi nion. Ez zitzaizkiola heroiak gustatzen zioen, arrastoa uzten duten pertsona hauskorrak baizik. Nik ere berdina pentsatzen dut eta Txartel bat (des)herrian idazterako orduan oso presente izan dut hori. Hain zuzen, hori da Peru. Peru eta bera bezala Ingalaterrara joan eta han geratu behar izan zuten 250 gerrako haurrek arrasto sendoa utzi dute eta nik arrasto hori bilatu nahi nuen, liburuetan, “haurrekin” eta beren seme-alabekin izandako elkarrizketetan, gaia aztertu duen jendearengan, “haurren” inguruan hezi zirenengan. Eta aurkitu dut, zalantzarik gabe. Beste gauza batzuen artean, horregatik izan da hain betegarria esperientzia.

 

Peru, Ibai, Maialen, Sara

 

Dena ez kontatu arren, dokumentazio-lan handia sumatzen da

Erakunde horren inguruan eta dokumentazio-lana egiten ari nintzen bitartean jende asko ezagutu nuen: Ingalaterrara joan ziren haurrak, beren seme-alabak, ikertzaileak, zinemagileak. Horiekin guztiekin izandako elkarrizketetatik asko ikasi nuen. British Library-n pasatu nituen asteburu asko, 1937an idatzitako liburuak topatu nituen, orduko egunkariak eta material asko gai horren inguruan. Historiagile bat ezagutu nuen eta Ingalaterrako Artxibo Nazionaleko dokumentu asko pasatu zizkidan, 1937an Gobernuko kabineteko bileretako aktak adibidez. Izugarria. Libururako behar nuen informazio nahiko bilduta banuen ere, harrapatu egin ninduen gaiak eta azkenerako denbora asko dedikatu nion dokumentazio-lanari.
Hala ere, ez nuen nobela historiko bat egin nahi, eta ezta nobela ortodoxoaren bidetik joan ere. Peru ez da benetako pertsonaia, Ingalaterran gelditu ziren 250 haurrak sinbolizatzen dituen fikziozko pertsonaia da, eta asmatutako pasarte asko daude kontatzen dudan fikzioan. Baina fikzioa izan arren, fikzioaren beste dimentsio bat bilatu nahi izan dut: Peru hezur-haragizkoa egin nahi nuen modu batean, irakurleak erreala izan daitekeela sentitzea garrantzitsua da niretzat. Horretarako, kontatzen ditudan gertakizun batzuk benetakoak dira, eta leku ia guztiak errealak dira.  Bestalde, 1937an Ingalaterrara joan ziren hamarren bat pertsona ezagutu eta elkarrizketatu ditut, eta hortik ateratako sentsazioak, beraiek eman dizkidaten inpresioak eta sentimenduak islatu nahi izan ditut baita ere, oraindik errealagoa egiteko.

 

Beste pieza bat, Ibai, hau ere ihesi, aurrekoa bezala, baina bestela.

Hori da, Ibai ihesi doa, iraganetik ihesi, baina bere erabakiz, Maialen atzean utzita. Erantzunik gabeko galderek oinazetzen dute. Peru bezala, baina beste mota bateko galderak ditu. Biak Londresen daude eta herrira itzultzea eragozten dieten bi istorio ezberdin dituzte komunean. Egoera horrekin jokatu nahi izan dut. Eta egoera horretan deserriak duen indarra azaldu. Adin ezberdintasuna dago bien artean, baina bien konplizitate handia sortzen da.

 

Eta azken pieza, bikoitza, Sara eta Maialen ahizpek osatzen dutena.

Muturreko egoera asko sinbolizatzen ditu bi ahizpen istorioak. Maialenen bizitza gelditu egiten da bat-batean. Sararenak aurrera jarraitzen du, baina ahizparena gelditu egin dela ikusteak errudun sentiarazten du.
Maialenen iragana eguneroko batean dago idatzita, eta horren bidez ezagutzen dugu Maialen, eta modu batean Ibairi buruz gehiago ere bai. Sarak irakurtzen du egunerokoa, ospitale bateko gelatik. Horrek oraindik gehiago dramatizatzen du istorioa.

 

Ihesi, norbere edo besteren erabakiz

 

Gai ugari agei dira: bertakotze/deserrotzea, maitasunaren ingurukoak, bizitza berri bat abiatzea posible ote den… Horietako bat garrantzitsuagoa zen zuretzat besteak baino?

Herriaren eta deserriaren kontzeptuak eta identitatean duten eragina garrantzitsua da niretzat, eta horren inguruko gogoetak bereizi nahi nituen.
Bizitzan zehar hartzen diren erabakiek edo egindako aukerek duten indarra ere azaldu nahi nuen. Adibidez, istripu batean ostean, Ibai ihesi doa, bere erabakiz. Gernikako bonbardaketaren ondoren, Peru ere ihesi doa, baina besteen erabakiz. Biek iraganari buruzko galderak dituzte, erantzun ezin dituzten galderak. Inoiz erantzun ezingo dituzten galderak. Eta baldintzazko perpaus horiekin eraiki behar dute etorkizuna. Etorkizuna eraikitzea, herrian edo deserrian, orain beraien esku dago.
Maitasunak, minak, damuak, distantziak, aldentzeak eta bakardadeak testuinguru horretan rol garrantzitsu bat betetzen dute.

 

Eta zuk, aspaldi samarretik Londresen biziz, nola daramazu (des)herria?

Nire deserria ez da gogorra, nire aukera da, eta gainera egun distantziak ez dira ia existitzen. Eta, garrantzitsuena dena, zortekoa naiz, badakidalako nahi dudanean itzuli naitekeela herrira.
Bestalde, deserrian egon arren, idazteak –zutabegintzak edo nobelak– nire herri eta kulturarekiko sentitzen dudan erantzukizun hori betearazten dit. Gertuago sentitzen naiz hemendik, eta han egon arren gerturatze horrek ematen didan oreka garrantzitsua da niretzat. “Hemen” eta ” han” kontziliatzeko lan horretan laguntzen dit.

 

Idazkeran badago, narrazioan jardun arren, estilo poetiko bat lantzeko asmoa, ezta?

Bai, horrela da. Oinarri errealista daukate sentimenduek eta kontatzen ditudan istorioek, baina tonu poetiko eta metaforiko bat erabiltzen dut askotan. Hitzekin jolastea atsegin dut. Esango nuke modu batean nire idazteko estiloaren ezaugarri bat dela; baina, bestalde, kontatzen dudan istorioak ere hori eskatzen zidan.

 

Eta hurrengo proiekturik, aurreratu baldin baliteke?

Zerbait badabilkit buruan, idazten hasi naiz, baina kimua baino ez daukat eta nahiago nuke ezer ez aurreratu – oraindik buelta asko eman ditzake eta! Baina, nobela honek indarrez eta gogoz utzi nau laster beste zerbaiti ekiteko. Hori aprobetxatu nahi dut orain, eta ea laster beste zerbait ateratzerik dudan!
Ikasten jarraitzen dut eta jarraitu nahi dut literatura bidaia honetan. Idazle berriak deskubritu ditut, bizipen berriak bizi , jende berria ezagutu dut, zutabegintzak asko lagundu dit idazteko orduan, eta horien guztien arrastoa utzi nahi dut modu batera edo bestera idatzietan.

Garazi Goia's insight:

txartelbatdesherrira

laburpena

 

more...
No comment yet.
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

Garazi Goia, Txartel bat (des)herrira - YouTube

Garazi Goiak bere bigarren nobela aurkeztu du Donostiako Elkar dendan: "Txartel bat (des)herrira" (Elkar, 2013).
Garazi Goia's insight:

YOUTUBEKO BIDEOA

more...
No comment yet.
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

Women of the Future Awards: Full shortlist

Women of the Future Awards: Full shortlist | Garazi Goia | Scoop.it
The Women of the Future Awards is the largest national search for exceptionally talented women. The hunt unearths the next generation of high-flying women across nine industries, including technology, media, business, arts and science.

 

 

Garazi Goia, head of commercial management, BBC

Garazi Goia is head of commercial management at the BBC, responsible for managing multi-million pound contracts and driving the recently approved HD (high-definition) strategy. A telecoms engineer by training, she is a published author of two fiction novels.

 

more...
No comment yet.
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

kritiken hemeroteka » Identitateaz

Batzuetan iruditzen zait euskal literatura gehiegi mugitzen dela modaren haizeek bultzatuta. Ziklikoki-edo, gai batzuek hartzen dute garrantzia eta ematen du idazleak halako gaiak erabiltzera behartuta sentitzen direla. Azken urteotan gertatzen ari dena kontuan hartuta, kontura gaitezke nola Gerra Zibilean erbesteratuak izan ziren haurren istorioek leku berezi bat aurkitu duten gure literaturan. Gogoratu bestela iaz zer gertatu zen Kirmen Uriberen Mussche izenburuko nobelarekin. Garazi Goiak ere halako haurren istorioa berreskuratzen du Txartel bat (des)herrira izenburuarekin argitaratu den nobela honetarako.

Hil arte beti “gerrako haurrak” izango direnen oroimena da nobela honetako ardatzetako bat, bakarra ez ordea. Hasieratik bertatik argumentua paraleloan eraikitzen diren bi bizitzaren inguruan biltzen da. Alde batetik, “gerrako haurra” daukagu, Peru. Pertsonaia hau umetan Ingalaterrara eraman zuten, baina berton zegoen familiaren zirkunstantzia bereziek galarazi zuten bere garaian bueltatzea, eta Ingalaterran bizitzen geratu behar izan zuen. Pertsonaia deserrotuta sentitzen da. Paraleloan Ibairen bizitza daukagu. Honek arazo pertsonal batengatik (auto istripu batengatik eta batez ere honen inguruan iradokitzen den egoera bereziagatik), Euskal Herritik aldentzea erabaki du. Bien hariek bat egiten duten Ingalaterran. Bata atzera begira bizi da, oroimenean katigaturik. Besteari oroimenik ez edukitzea gustatuko litzaioke, etorkizuna inolako aingurarik gabe hutsetik planteatu ahal izateko.

Aitortu behar dut, nobelaren barruko edo argumentuaren araberako logikatik begiratuta, ez dudala askotan ulertzen pertsonaiek zergatik egiten duten egiten dutena, haien motibazioa nobelatik kanpo kokatu ezean. Izan ere, kanpoko indar batek (agian idazlearen biografiak azalduko lukeenak) pertsonaien gorabeherak kontrolatzen ditu.

more...
No comment yet.
Scooped by Garazi Goia
Scoop.it!

kritiken hemeroteka » Bi deserri

Badirudi deserriak, gai literario eta artistiko gisa, baduela erakargarritasunik euskal idazle eta sortzaileentzat, hainbesteraino non gaiaren inflazio moduko bat ere ez ote dagoen pentsatzen baitu batek. Eta beste horrenbeste memoriari buruz. Maiztu xamarrak ez ote dauden gai eta galdera batzuk (ahaztu nahi eta ezina, oroitu beharra, ez hemengo ez hango izatea…), eta horrek berak indarra ez ote dien kentzen zenbait lan literariori, ia klixe bihurtu diren heinean. Hala gertatu zait niri behintzat Txartel bat (des)herrira irakurtzean.

Deserria gaitzat duten bi istorioren gurutzaketa da eleberria: Peru, 1936ko gerrako umea, Ingalaterrara barkuan erbesteratu, bertan geratu eta bizitza Londresen egin duen gizon aguretua, batetik; eta Ibai, bestetik, tragedia pertsonal baten ondorioz aldatu nahi eta ezin duen iragan hurbiletik ihesi Londresa doan gaztea. Bi kontakizunen arteko lotura, beraz, tematikoa da (erbestea), eta baita narratiboa ere, Londresen elkar topatzen baitute bi gizonek. Haatik, ahula eta sinesgaitz xamarra gertatzen da bi pertsonaien elkartzea eta badirudi hori konpentsatzeko-edo egilearen ahotsak esplizitatu egiten duela lotura tematikoa (izenburuan, hitzaurremodukoan eta abar),modu nabarmenegian irakurle honen iritzian.

Era berean, idazleak deserria bizitzeko modu desberdinez hausnartzeko asmoa aitortuagatik, bestelako galderak ere etorri zaizkio irakurle honi: zenbateraino dira parekagarriak gerra testuinguru bateko erbestealdia eta istripu baten ondoriozko ihes pertsonala? Bi istorioak ondoz ondo deserri mota desberdin bezala aurkezteak ez ote du erbesteratzea hein batean husten eta bere ahalmen literarioa gutxitzen?

Bi hitz lehen eleberrian erakutsitako joerari jarraiki eta idazle gisa bide propio baten erakusgarri, Goiak bigarren honetan ere esperimentazio formala bilatu du narrazioa egituratzerakoan, ahots ugari eta testu-mota asko elkarrekin nahasiz: eguneroko-atalak, gutunak, egunkarietako albiste-zatiak, galdera-zerrendak, poemak… Baliabide narratibo ugari horiek trebeziaz erabiltzen ditu idazleak, pultsu narratiboari eusten dion nobela taxutuz. Batez ere Ibairen ihesaren inguruko istorioa harilkatzerakoan ematen dute etekin gehien baliabideok: koman, mutu dagoen Ibairen neska-lagun Maialenen inguruko ahots ugari tartekatzeko aukera ematen dio idazleari eta baita jakin-mina pizteko bitartekoa ere, irakurleak joan behar baitu apurka ahots horiek batu eta istorioa osatzen. Alabaina, istorioari berari melodramaren traza hartu diogu tarteka, gazte literaturan irakurritako kontakizun hainbaten usaina.

Bigarren haria Londrestartutako Peru gerrako umearen iraganaren eta orainaren artean dabil jauzika, eta interesgarria da pertsonaiaren ahotsak orainaren eta iraganaren arteko nahastetik sortzen duen memoriaren denbora berezia. Ezagunagoak zaizkigun Habana ontziko bidaia eta gorabeheren ostean, Peruren ondorengo bizimodua eta Londresen geratzera eraman zuten gertaerak kontatzen ditu Goiak, eta horixe egin zaio irakurle honi nobelaren alderdirik interesgarrienetakoa, eta narrazioaren alderdi horretan gehiago ez sakondu izana bota dut faltan, agian hortxe ikusi dudalako deserria eta erbestea bere konplexutasunean arakatzeko bidea.

more...
No comment yet.